XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Colon-en Santa Maria itsasuntziaren jatorrizko izena Mari Galanta zen.

EUSKAL BIDAIARIAK

Euskaldunok betidanik ibili gara hemendik hara munduan zehar, baina albisterik zehatzenak XV. mendetik aurrera aurki daitezke.

Colon itsasgizon italiarra, Indietara joateko ekialderantz joan ordez, mendebalderantz abiatu eta Ameriketara iritsi zen, berarekin euskaldun mordoa eramanaz.

Bigarren bidaian ere Colonekin batera hainbat euskaldun zihoazen: sei itsasuntzietatik bostetan euskaldunak ziren kapitainak.

Baina, antza denez, lehenago ere euskal marinelak Ameriketaraino iritsi omen ziren baleen bila.

Noiz gertatu zen? Honetaz eztabaida handiak daude, baina segurua da XV. mendearen bukaeran, behintzat, euskaldunak Ternuaraino (Kanada) iritsi zirela.

Geroago ere, Magallanes portugaldarra Indietara joateko ekialderantz abiatu zen, baina Afrikako hegoaldetik igarota.

Hau hil zenean, Juan Sebastian Elkano euskaldunak jarraitu zuen bidaia eta Filipinetaraino iritsi zen.

Gero, handik, Ameriketako hegoaldetik Europaraino itzuli zen.

Horrela egin zion munduari lehen bira, XVI. mendean.

Mende hartan, euskaldun abenturazale eta konkistatzaile asko ibili ziren Hegoamerikatik, hala nola, Lope Agirre, Pedro de Mendoza, Joan Garai, edo Asiatik, M. Lopez de Legazpi, esate baterako.

Baina konkistatzaile hauetatik aparte misiolari eta laguntzaile asko eta asko bideratu ziren Euskal Herritik kanpora mende haietan: Frantzisko Xabierkoa Asiarantz, Andres Urdaneta Filipinetarantz, Frai Juan Zumarragakoa Mexikorantz (indiarren defendatzailea)...

Gaur egun ere ugariak dira Hegoamerikan, Afrikan eta Asian laguntza-lanetan dabiltzan euskal gizonezko eta emakumezkoak.

Kasu aparta dugu Manuel Iradier gasteiztarra.

XIX. mendearen bukaeran Afrikarantz jo zuen eta urte askotan ibili zen hango lurralde ezezagunak esploratzen eta aldizkari zientifikoetan bere ikerketak argitaraten.

Gaur egunean ere tradizio horrek jarraitzen du.

Bidaiari profesionalek esaten dutenez: Edonora zoazela ere, euskaldun bat topatuko duzu han.